Familia hitzak era askotako pertsona-multzoak elkartzen ditu, baina batez ere elkar maite duten senideak biltzen ditu. Argazki-saio hauetan zuek familiatzat sentitzen duzuen talde eder hori klik batean gorde nahi dut. Edozein motatako eta adinetako familiei egiten dizkiet argazkiak. Bizitzak aro asko ditu eta horiek guztiak betiko gordetzen lagundu nahi dizuet.
Familia argazki-saioen helburua da denek elkarrekin gozatzea, horretarako, elkarrekin jolas eta barre egitea garrantzitsua da, emaitza askoz naturalagoa izango delako, eta, horrela, betirako oroitzapen eder eta erreala lortuko dugulako.
Argazkiak estudioan zein kanpoaldean egiten ditut, eta emaitza bietan da ederra. Hala ere, niri bereziki gustatzen zaizkit kanpoaldeko argazkiak, etxeko txikienak eta animaliak erosoago sentitzen direlako eta asko gozatzen dutelako helduekin jolasean. Hori argazkietan islatuta geratzen da, eta argazki bereziak lortu ohi ditugu.
Saio hauek egiteko unerik egokiena arratsaldeko azken ordua da, ordu horretako argiak kolore magikoak sortzen baititu. Horretarako urteko sasoirik egokiena maiatza eta urria artekoa da, iluntzeak politagoak direlako, eta, egunak luzeagoak direnez, ordu gehiago ditugulako saioa egin ahal izateko. Hala ere, horrek ez du esan nahi gainontzeko hilabeteetan ezin dugunik kanpoaldean argazki-saiorik egin. Izan ere, urtaro bakoitzak badauka bere magia, eta, horrela, udazkenak oparitzen dizkigun koloreak erabiliko ditugu edo neguko elurteetako paisaia ikaragarriak. Kasu hauetan ez dugu saioa iluntzean egingo.
Nahiz eta ohikoena saio hauek aste barruan egitea den, asteburuan egiteko aukera ere badago.
Garrantzitsuena zuek izatea da, eta ez argazki-saio bat egiteko mozorrotu eta gero irudiko pertsonarekin identifikatuta ez sentitzea. Horregatik, zuen egunerokotasuneko arroparekin etortzea gomendatzen dizuet. Saiatu kolore neutroak erabiltzen, protagonistak zuek izan zaitezten, eta ez zuen arroparen kolorea.